Errebotea
1. Zer da?
2. Nondik dator?
3. Errebotea Villabonan
4. Nola jolasten da
5. Materiala
6. Errebotea gaur egun
Zer da?
Errebotea egun jokatzen diren pilota jokoen artean zaharrenetakoa da. Luzeko pilota jokoa da; hau da, luzean jokatzen da, plaza batean bi talde aurrez aurre jarrita eta pilota alde batetik bestera jaurtiz.
Pilota xisteraz jo ohi da, eta geratu eskularruz ere bai; sakea baino ez da egiten esku hutsez. Luzeko pilota jokoetatik gaur egun indar handiena duena da, seguru aski, errebotea, laxoarekin batera.
Pilota joko modu hau oso ikusgarria da eta zaletasun handia zuen Euskal Herriko leku askotan. Hori bai, plaza handi eta luzeak behar ditu jokatzeko, eta horietako gutxi geratzen dira, batez ere Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian herri askotan dago zaletasuna eta jolas taldea, baina Hego Euskal Herrian urte askoan Donostiako Zubietan eta Villabonan soilik izan dira, eta gerora Oiartzun gehitu zaie. Plaza luzeak, aldiz, badira Hegoaldeko beste zenbait herritan ere, hala nola Andoainen eta Erronkarin. Azken hori Julian Gaiarrek bere jaioterriari egindako oparia da. Bilboko Otxarkoagaauzoan bada errebote-plaza bat baina ez da erabiltzen.
Nondik dator
Errebotea laxoaren umea da. Joko zuzena da. Gaintxikik 1857an zumitzezko xixtera txikia sortu, eta handik eratorria. Euskaldunok jokatu ohi ditugun pilota-joko guztien artetik, ziurrenik Errebote deiturikoa eta Laxoa dira joko motarik zaharrenak eda zaharrenetakoak
Jeu de Paume hori Erdi Aroan arabiarrek Europara ekarritako joku baten moldaera omen zen, areto itxi eta sapaldunetan jokatzen zena eta, funtsean, bi taldeek aurrez aurre jokatzen zuten soka edo sare batek banaturik, batak besteari pilota jaurtiz, bietako batek huts egin arte. Pilotak, gerora egin izan direnak baino arinagoak ziren eta ziurrenik esku huska jokatzen zen. Jeu de Paume hori leku itxi eta aterpedunetan jokatzen zela esan dugu eta lehen areto haien azken lekukoetakoa Euskal Herrian Iparraldeko trinketea izango genuke.
Euskal Herrian zelai edo jokaleku luzeetan jokatzen hasi zen, esku huska, eta horri Bote luzea deitu bide zitzaion. Aurrerago pilota astunxeagoak egiten hasi ziren eta, ondorioz, eskuetan minik ez hartzeko jokalariak laxoa edo eskularrua erabiltzen hasi ziren. Azkenik, latex-a asmatu eta material horretaz pilota askoz biziagoak ekoizten hasi zirenean (1850), eskularruaz gain zumitzezko xixterak erabiltzen hasi ziren eta, gutxi gora-behera, horrelaxe iritsi da egun arte, Errebote izenaz ezagutzen duguna Europako beste bazter batzuetan, berriz, garapena beste modu batekoa izan zen: Ingalaterran, esate baterako, material berriak ekoitzi ahala pilota hustuekin jokatzen hasi eta, bere bilakaeran, tenisa sortu zuten, gerora mundu osora hedatuko zena.
Errebotea Villabonan
Villabonan erreboteaz hitz egiteak nahitaez Pedro Yarza Elizaran “Manco de Villabona” izenez ezagutzen zena aipatzea dakar
1861eko ekainaren 29an jaioa, “Manco” herriak izan zuen lehenengo figura izan baitzen, ez bakarrik errebote modalitatean, baita Joko Garbian hasi zenean ere, horretan profesional izan zelarik “Chiquito de Eibar” mitikoa ere garaituz. “Manco”k ez zuen 1881 urte inguruan Villabonako plaza berria inauguratzeak ekarritako aukera galdu, eta ia une hartan bertan Pilotari Afizionatuen Eskola bat sortu zuen, bere arloan aitzindaria, eta urteetan zehar indarra hartzen joan zen hazia.
Donostian “Chiquito de Eibar” garaitu ondoren, “Manco de Villabona” ospearen goreneraino iritsi zen, eta Euskal Herriko eta Madrileko pilotalekuetan arrakasta lortu ondoren, kontratu abantailatsu batekin Hego Ameriketara joaten da 1885. urtean. Itzal sakona uzten du Pedro Yarzak joaterakoan bai profesionalki nola pertsonalki, kantxatan gizon arroa eta handik kanpo gizon apala izanik.
Egin klik irudian irakurtzeko
Villabonako errebotearen. historian garrantzitsuak izan direnak: Blas Garmendia, Tximela, Enrike Abril, Teodoro Hernandorena…
Nola jolasten da
Taldeak bost lagunekoak dira gaur egun; antzina, laukoak izaten ziren. Pilotak alde batetik bestera botatzeko eskularruak eta zumitzezko xisterak erabiltzen dira. Eskularrua erabiltzen duten jokalarien lana gehiago da aurkariaren pilota geratzea, kantxaren beste aldera jaurtitzea baino. Pilotak 125-150 gramo artekoak izaten dira
Luzeko pilota joko guztietan bezala, kintzeka eta jokoka kontatzen da: 15, 30, 40 eta jokoa. Kontatzeko modua tenisaren berbera da, baina tenisa sortu baino askoz lehenago kontatzen zen Euskal Herrian kintzeka luzeko jokoetan. 13 joko lortzean irabazten da partida. 40na berdinduz gero, «ados jaunak ados» esaten du «xaxariak» eta jarraian bi kintzeko aldea irabazi behar du taldeetako batek jokoa lortzeko, beraz lortu arte iraun dezake jokoak denbora mugarik gabe.
Jokalekuak 70-100 metro luze eta 16-20 metro zabalekoak dira gehienetan. Gutxienez pareta nagusi bat izaten dute, sarritan bi, eta pareta horietan errebote egin dezake pilotak pilotariak jo baino lehen: hortik datorkio izena modalitateari. Botarria, sakarria edo botiloa errebote-pareta nagusitik 32 metrora ipintzen da, bi eremuak zatitzen dituen pasamarran. Eremu bat bestea baino luzeagoa gertatzen da, beraz.
Sakea eskuz egiten da: pilotari botarrian botea eraginda, pareta nagusira bidaltzen da. Pilotak botea 5 metrotako laukian sartuta egin behar du, pareta ukituz edo lurra ukituz, eta han xisteradunen batek, pilotak pareta ukitu ondoren, ez lehenago plazaren beste alderatz jotzen du, helburua pilota beste taldearen eremuan bukatzea delarik, lehen botean. Kintzea beste taldekoek pilota kanpora botatzean edo sakea duen taldearen eremuan bi bote baino gehiagoren ondoren jotzean lortzen da. Errestoa duen taldearen eremuan, pilotak bi bote egiten baditu, pilotak pareta heldu baino lehen gelditzen bada arraia lortu daiteke, eta pareta ukitzen badu kintzea. Taldeek joko eremua aldatu beharko dute, arraia batekin talde bat 40 era heldu bada edo bi arraia lortzen badira bidez. Arraiak 32 metroko eremuan bakarrik lortu daitezke, eta sakea duen taldearen helburuetako bat izango da, horrela lortu bait dezake, errestoko eremuan jokatzea.
Materiala
Botarria
Sakean laguntzeko erabiltzen den tramankulua da. Botarria ondo kokatuta egoteko tripodearen bi hanka erresto eremuaren barnean eta bestea sake eremuan egon behar dira.
Xixtera
Pasamarratik urrunen kokatzen diren hiru jokalariek joko-garbiko xistera (ezkerreko irudia) erabiltzen dute. Erreminta honek 58cm-ko luzera, 8cm-ko sakonera eta 12 cm-ko zabalera du.
Eskularrua
Pasamarratik gertuen dauden beste bi taldekideek, ordea, 34cm-ko luzera, 6,5cm-ko sakonera eta 19 cm-ko zabalera duen eskularru motza (eskumako irudia) darabilte.
Pilota
Normalean, epaileak 6 pilota izango ditu saskitxoan, hiru talde bakoitzeko. Eremu ireki batean jokatzen denez, pilota errazago antzemateko beltza izaten da, baina ez du zertan beti horrela izan.
Errebotea gaur egun
Euskal Herriko
errebote txapelketa
(Apirila – Ekaina)
Antolatzailea: Iparraldeko pelota batzordea
https://ctpb.euskalpilota.fr/
Frantziako
errebote txapelketa
(Ekaina – Uztaila)
Antolatzailea: Frantziako pelota batzordea
ffpb.net
Enrique Abril
memoriala
(Iraila – Azaroa)
Antolatzailea: Gipuzkoako pelota federazioa
gipuzkoapilota.eus
Aviron Bayonnais
Goizeko Izarra
Luzean
Txost